Abenduaren 27ko protestan Errausketaren Aurkako Mugimenduak irakurritako testuak

https://www.youtube.com/watch?v=e73daytXt-8

Egun on guztioi eta eskerrik asko etortzeagatik egun gogor honetan.

Gaur goizean erabaki baitu Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak zein enpresa talderen esku utziko duen Zubietan erraustegia eraikitzeko lanaren 1. fasea eta haren kudeaketa 35 urterako.

Gaur, abenduaren 27an, PNVk eta PSEk gipuzkoarrok gure hondakinak kudeatzeko behar ez dugun erraustegia egiteko beste urrats garrantzitsu bat eman dute.

Hamalau urte dira Erraustegiaren mamua zabaltzen hasi zirela. 2011n obrak hasi ere egin zituzten eta gaur bizi ditugun bezain une larriak bizi izan genituen. Zorionez, urte haietan abiatu ziren benetako alternatibak ere.

Duela ia 8 urte ekaitz haren erdian atez ateko bilketa abian jartzeko ausardia izan zuten udal haiei, hautetsiei eta herritarrei gure eskerrak eman nahi dizkiegu: Usurbil, Hernani, Oiartzun, Oñati, Antzuola, Orendain eta  abarri. Gure eskerra ere gaikako beste sistema benetan ondo kontrolatuekin aurrerapen handiak lortu dituzten beste udalei. Denon artean demostratu baitugu gaikako bilketa on bat eginda, posible dela erraustegirik gabe bizitzea.

Eta lortu genuen proiektua gelditzea ere. Aurreko legealdian Gipuzkoako Foru Aldundia eta GHK kudeatu zuten agintariek lortu zuten erraustegia gelditzea. Gure esker ona haiekiko ere.

Baina PNVk eta PSEk Gipuzkoako Foru Aldundian agintea hartuta, biziarazi dute berriro  proiektua eta urrats sendoak eta azkarrak ari dira ematen. Gaurko lizitazio erabakia dugu horietako bat.

Ez naiz luzatuko erraustegiaren ondorio kaltegarriez. Asko hitz egin dugu azken urteotan osasunean dituen eragin beldurgarriez. Gipuzkoako mediku taldeak lan ikaragarria egin du ondorio horiek gizarteratzen. Gure eskerrak haiei ere.

Ildo horretatik ere lan handia egin du GuraSOS elkarteak, jendartea mobilizatzen gure seme-alaben eta gure umeen umeen osasuna zaintzeko.

Esker handi bat eman nahi diegu baita ere Gipuzkoa Zutik-eko gazteei, era baketsu, zabal eta desobedientean salatu dutelako erraustegiaren atzean dagoen gizarte eredu neoliberal ustela.

Horientzat denentzat eta herrietan mugitu diren talde, plataforma, koordinadora eta kolektibo guztientzat gure esker ona gaur.

Aipamen berezi bat egin nahi dugu gaur erraustegiaren dimentsio ekonomikoaz. 35 urtez udalak eta herritarrok zorpetuko gaituen zor ez-legitimoa salatu nahi dugu. Herritarrak ohartarazi behar ditugu lapurreta honetaz, nolaz erraustegia egiten badute, beren osasunaz eta ingurumenaz gain  jendarte osoak nozituko dituela ondorioak, klase guztietako zerbitzu sozialen murrizketekin.

Aitortu behar dugu egia. Hemen baldin bagaude da ez dugulako lortu EAJ eta PSE behartzea hondakinen planen inguruko eztabaida zabal, sakon eta garden batera.

Hala ere hemen gaude. Asko egin dugu aurrera urteotan eta guztiok egin dugun lanari esker esan dezakegu, gaurko tristuraren eta haserrearen erdian, itxaropena daukagula gaur ez bada bihar erraustegi kriminal hau gelditzeko. Eta horretan saiatu eta borrokatuko garela, bakean eta sendo.

Gaurko ekimen hau protesta ekintza izatea nahi dugu. Gure haserrea adierazteko protesta-ekintza.

EZ, EZ, EZ, ERRAUSKETARIK EZ!

(Amaierako testua)

Eta hemendik aurrera zer?

Gaurkoa hemen bukatuko da, baina aurrera ere borrokan jarraituko dugu. Gauza asko eta garrantzitsuak daudelako jokoan.

Aurrera jarraituko dugu
Gipuzkoako herri guztietan gaikako bilketa emaitzadunak ezartzeko. Engainurik gabeko sistemak ezartzeko, errefus ahalik eta gutxien sortzea ziurtatzen duten sistemak. Ez baita bidezkoa urteko eta pertsonako 50 kilo errefus besterik sortzen ez duten herriak egotea eta ondoan 300 kilo sortzen dituztenak, erraustegiaren existentzia justifikatzeko balio dutenak.

Aurrera jarraituko dugu
Hondakinen kudeaketa ona egiten ari diren eta egin nahi duten udalak eta herriak defenditzeko.

Kalitatezko zerbitzu publikoak defenditzeko,  pribatizazio lotsagarri hauen aurrean. Ezkerreko indar sindikalei dei berezia egiten diegu borroka horretan tinko ari daitezen.

Aurrera jarraituko dugu
Herritarron hurbileneko erakunde diren udalek beren eskumenak gal ez ditzaten.  Udal agintariei dei egiten diegu ausardiaz joka dezaten eta zorrotz defenda dezaten beren subiranotasuna, eskumenak esku pribatuetan utzi gabe.

Aurrera jarraituko dugu
Donostialdean jada badugun erraustegiaren, Rezola porlan fabrikaren, inguruko informazioa biltzen eta jendartean salatzen hondakinak erretzen ari dela, hondakin toxikoak barne, behar besteko kontrolik gabe.

Aurrera jarraituko dugu
Herritarrok politikagintzan benetako parte-hartzea izateko eskubidearen eta praktikaren alde borrokan, paperean eta diskurtsoan soilik geratu ez dadin.

EAJk eta PSEk ezarri nahi diguten inposaketaren aurrean alternatiben konfrontazio publiko eta demokratikoa sustatu nahi dugu.

Aurrera jarraituko dugu Gipuzkoako herritarrok erraustegi kriminal hau gelditu arte.

Eskerrik asko

EZ, EZ, EZ. ERRAUSKETARIK EZ!

Visitas: 20

Iruzkina gehitu

Iruzkinak gehitzeko, Hernanin Zero Zabor(r)en partaide izan behar duzu.

Participar en Hernanin Zero Zabor

© 2017   Creado por HZZ.   Tecnología de

Ikurrak  |  Arazo baten berri eman  |  Términos de servicio