Denborak erakutsiko du 2007tik 2011ra Hernaniko udalean agindu dutenen
balantzea. Urteak pasa ahala garbiago ikusiko da ea gogoan hartzekoa den
ala ez horiek lau urteotan hirigintzan, gizarte zerbitzu eta ongintzan,
herrilanetan, euskaran, kulturan, etxebizitzetan eta abar, lau urteotan
egin dutena. Baina dagoenekoz esan dezakegu hondakinen gaian Hernanik
lau urteotan sekulako aurrerapausoa egin duela, eta HZZk hala aitortu
nahi du publikoki.
Hondakinen kontuan, Atez Ateko bilketa martxan jartzean, ausardiaz
jokatu dute urteotan ANVren zerrendan aukeratutako zinegotziek, alkatea
buru zutela, eta Aralar-Ezker Batukoak. Hernanitik bost kilometrora
eraiki nahi duten Intzineradora ez dugu ia inork nahi, oso demostratuta
dagoelako osasunarentzako kaltegarria dela, ingurumenarentzako
negargarria, ekonomia aldetik kristoren diru zuloa. Baina “Errausketarik
ez!” oihu egitetik alternatiba martxan jartzera koska handia zegoen;
tartean, herritarrok eguneroko ohiturak aldatu behar genituelako.
Aurretik Italian, Katalunian eta munduko beste leku askotan ikusitakoa
ikasita, Usurbilek erakutsi zuen bidea. Baina intzineradorarekin
negozioa egin nahi dutenak azkar konturatu ziren. Horregatik, Usurbili
egurra eman ondoren, Gipuzkoan errausketarekin aberastea pentsatuta
zeukaten enpresaburuek, politikariek eta komunikabide handiek Hernanin
zentratu zuten Atez Atekoaren kontrako bataila handia.
Hernaniko udalean agindu dutenek eraso guzti horien artean egin behar
izan dute lan. Batzuetan herritar ugariren purrustak ere entzun behar
izan dituzte. Kalte handiak egin ditu Gipuzkoako egunkari salduenaren
pozoiak; herriko politiko ajolakabe batzuen demagogiak ere bai. Baina
udaletik, ezker abertzaleko alkate eta zinegotziek, Aralar-EBkoaren
laguntzarekin, aurrera segitu dute eta emaitzak hor daude. Gaur Hernani
eredu da Gipuzkoan hondakinen kudeaketan, eta gu herritar moduan harro
gaude.
Horregatik esaten dizuegu, egunotan zuen karguak uztera zoazten alkate
eta zinegotzioi: mila esker zuen lanagatik eta fundamentuagatik.
(Hernanin Zero Zabor)
Iruzkinak gehitzeko, Hernanin Zero Zabor(r)en partaide izan behar duzu.
Participar en Hernanin Zero Zabor