J.A.Asensio diputatuari: zerotik hasi berriro PIGRUG 2017-2030 eta erraustegia gelditu

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Diputatu Jose Ignacio Asensiori

Ni ....... ....... ........ (NAN .........) naiz, nire helbidea da ................ kalea, ...., .............. herria, ........ kode postala, eta herritar bezala dagokidan eskubidez eta legeak ematen didan babesez, neure izenean

DIOT

Jakin dut 2016ko maiatzaren 25ean Gipuzkoako Foru Aldundiak bere web orrian ipini duela “Gipuzkoako 2017-2030 Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorraren Ingurumen Ebaluaketa Estrategikoaren Hasierako Agiriak” izeneko agiri saila, herritarroi hilabeteko epea eskainiz “iradokizun eta ekarpenak” egiteko.

Xabier Garmendia Martinez (Desarrollo Protección Ambiental) aritu eta ari da Gipuzkoako gizartearen orain eta etorkizunerako hain garrantzizkoa den plan orokorraren idazlaritzan, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiarekin, “Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorra 2017-2030 Hasierako Dokumentu Estrategikoa (HDE)” agirian eta “Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorra  2017-2030 Hasierako Zirriborroa” agirian, bien hasiera orrietan aitortzen denez.

 

Aldi berean, Gipuzkoako gizarteari eta gaurko bezala biharko herritar guztientzako izango dituen eraginez gain, hondakinen kudeaketa erdiz-erdi baldintzatuko lukeen Errauste Planta bat abian jartzeko prozesua fase erabakiorrean sartu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren partaidetzarekin GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak.

 

Baldintza horietan idatzitako plan batek ezin ditu bete Gipuzkoako gaurko eta biharko herritarron oinarrizko beharrak eta eskubideak, eta hori zergatik horrela den argudiatzen dut ondoren:

 

ARGUDIOAK

BAT. Herritarrok eskubidea dugu agintean daukagun administrazioak erabakiak zuzentasunez har ditzan, herritar guztien mesedetan eta inolaz ere ez gutxi batzuen mesede eta gehiengoaren kalterako.

 

BI. XXI. mende hasieran Hondakinen Kudeaketa da herritarrek eta gizarteek eskuetan darabilten gai nagusietakoa.

 

Zenbait adituren kalkulutan, gizakiak bere jarduera sozial eta ekonomikoa burutzeko lurrari kendu eta eraldatzen dizkion lehengai eta baliabideen hamarretik bederatzi –gutxienez- hondakin gisa uzten ditu.

 

HIRU. Hondakin gehiegi sortzeagatik eta sortutakoak gaizki kudeatzeagatik Gipuzkoak, Euskal Herriak eta Mundu osoak arazo oso larriak nozitzen dituzte, giza zibilizazioaren biziraupena arriskuan jartzen duten, kutsadura eragiten duten eta osasuna, ingurumena eta are biharko jarduera ekonomikoak ere arriskuan jartzen dituzten arazoak.

 

LAU. Hiri hondakinen alorrean Gipuzkoako zenbait herri eta eskualdetan – lurraldeko biztanleriaren ia herena, 210.000 biztanle biltzen dituzten udalerri txiki eta handietan- aurrerapen oso handiak egin dira azken urteotan, gaikako bilketa on batetik abiatuta lortzen ari delako alde batetik askoz hondakin gehiago konpostatu, berrerabili eta birziklatzea, eta bestetik hondakinen kopuru osoa murriztea.

 

Horretan gakoa izan da Europar Batasunak hondakinen kudeaketarako ezarritako hierarkiaren irizpideak aplikatzea, hondakinen gaikako bereizketa on batetik abiatuta, hau da, munduko gizarte askotan jada lege dena aplikatuz: hiri hondakinak gaika bereiztea betebeharra dela.  Hondakinen kudeaketa gizarte-modernoek daukaten ingurumen-arazo larri bat dela aitortzetik arazoari aurre egiteko bitartekoak jartzera dagoen tartean, hasierako urratsik eraginkorrena da hiri hondakinen gaikako bereiztea herritar guztion betebehar ezinbestekoa izatea.

 

Gipuzkoako udalerri eta eskualde horiek erakutsi dute hilabete gutxiko tartean pasa daitekeela hondakinen kudeaketan arazo larriena den azken errefusa –zabor nahasi birziklagaitza- ia 300 kilogramotatik (pertsona/urteko) 80, 60 edo 50 kilogramotaraino. Horrek ingurumenean, ekonomian, enpleguan eta gizakien osasunean dakartzan onurez gain, aurrera egin beharreko inbertsioak, antolatu beharreko azpiegiturak eta administrazio publikoek beren gain hartu beharreko zorrak begirada berriz analizatzea eskatzen du.

 

BOST. Gipuzkoan urteotan administrazio, erakunde, elkarte, talde eta herritar askok eman dituzte urrats inportanteak mundu osoan gero eta nabarmenago baloratzen den eta Europako Legediak ere sustatzen duen Ekonomia Zirkularrean aurrera egiteko, ingurumenaren eta gizakien osasunaren zaintzatik harago begien bistakoa delako lehengaien urritze handi batean sartuta gaudela eta materialen biziraupena luzatzea lehentasunezkoa dela.

 

Gipuzkoako herri eta eskualde eredugarriok eta horietako hondakinen kudeaketa sistema berriak antolatzen aritu diren agintari, teknikari eta herritar boluntarioek parte hartu behar dute Gipuzkoako hondakinen ondorengo 15 urteetarako plangintzan.

 

SEI. Mundu osoan bezala Euskal Herrian eta Gipuzkoan, korporazio handiek hondakinak ikusten dituzte negozio iturri soiltzat eta saiatzen dira administrazioek hondakinak “gainetik kentzeko” daukaten beharra diru publikoz pagatutako industria pribatuen bidez bideratzen.

 

ZAZPI. Hondakinen kudeaketan berezitutako korporazioen jarduerak gero eta haserre handiagoa sortzen du mundu osoko bezala Euskal Herriko eta Gipuzkoako herritarren artean, diru publikoz oso garesti pagatuta hondakinak transformatu baizik ez dituztelako egiten, giza osasunari eta ingurumenari kalte larriak eraginez, prozesuan aurrera egin ahala hondakinak are arriskutsuago bihurtuz eta beti ere mugatuak diren diru publikoen erabilerarekin gizarteak urte luzerako zorpean sartuz.

 

ZORTZI. Alde batetik hondakinen kudeaketaren korporazioen eredua eta pixkanaka munduan zabaltzen ari den Ekonomia Zirkularraren eredua, elkarren kontrako bi eredu dira. Eredu bat edo bestea aukeratu, oso ondorio ezberdinak ematen dituzte alor ezberdinetan: enplegu gehiago edo gutxiago, ingurumenean kutsagarri gutxiago edo  gehiago zabaldu, gero eta urriagoak diren lehengaiak gehiago edo gutxiago aurreztu berrerabilerarako…

 

BEDERAZI. Botere publikoek eta agintariek denonak diren arazoak –are gehiago pertsona, talde eta botere ezberdinen interesak daudenean elkarren talkan- Justizia eta Etika zorrotz zainduz bideratzea arau funtsezkoa da giza eskubideen, izaera demokratikoaren, gobernamendu burutsuaren, gizarteen kudeaketa iraunkorraren eta oinarrizko logikari dagokienez.

 

Europar Batasunaren itunak berak -Erroman 2009ko urriaren 29an sinatu zenak- II-101 atalean dio (euskarara ekarrita):

 

Administrazio ona edukitzeko eskubidea
1.- Pertsona orok dauka eskubidea [Europar] Batasuneko instituzio, organo eta erakunde guztiek berari dagozkion gaiak landu ditzaten modu inpartzial eta ekitatiboan eta arrazoizko epeen barruan
”.

 

HAMAR. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ingurumen Diputatu duelarik Jose Ignacio Asensio, Gipuzkoako Hondakinen 2017tik 2030erako Plan Nagusia erredaktatzea enkargatu dio korporazioen ordezkari ezagun bati, hondakinak erretzeko negozioak antolatu dituen eta hondakinen errausketan berezitutako profesional bati, Xabier Garmendia Martinezi.

 

Berak idatzi zuen urteotan Gipuzkoan hondakinen lege nagusi den PIGRUG 2002-2016 delakoa, bere babesean bultzatu direlarik hasieran bi erraustegi (Irun-Hondarribian bata, Donostialdean bigarrena), gero aldatu eta babesteko erraustegi bat, hasieratik Gipuzkoako herritarren parte baten kritikak eta protestak jaso dituena, aspaldi Gipuzkoan izan den eztabaida sozialik garrantzizkoenetako bat sutuz. Bide batez, PIGRUG horren babesean lortu du 2008an Donostia-Añorgako Cementos Rezola lantegiak porlana ekoizteko hiri eta industriako hondakinak erabiltzeko baimena, 2015ean zabaldu zaiona –eztabaida publikorik gabe.

 

HAMAIKA. Mundu osoko gizartean dago oso eztabaidatua ingelesez “revolving doors”, gaztelaniaz “puertas giratorias” eta euskaraz “ate-errotak” deitzen zaion politika eta negozioak uztartzeko modu hau, oso kaltegarria baita herritarren gehiengoarentzako.

 

XXI. mendeko gizarteetan, are nabarmenago 2008ko krisi handia hasi zenetik, zorrotz kritikatzen dira “ate-errota” hauek eta instituzioak behartuta daude gero eta zorrotzago jokatzera bai horiek mugatzeko eta bai horiei buruzko informazio guztiak herritarren aurrean gardentasunez azaltzeko.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hondakinentzako 2017-2030 arteko Plan Nagusiaren erredakzio lan erabakiorra enkargatu dion profesionala da aldi berean hondakinen kudeaketan ari diren korporazioetako buru profesional bat eta administrazioan goi karguak behin eta berriro bete dituen politikari profesionala, gizartearentzako estrategikoak eta minberak diren alor inportanteetan korporazioentzako lan oso garrantzitsuak eginez eta aldi berean instituzioetatik parte hartuz korporazioen jarduera zaindu behar duten kontrol sistemetan.

 

HAMABI. Hondakinen kudeaketarako azpiegiturek plangintzan jasotzen diren helburuen eta kudeaketaren ondorio izan behar dute, eta ez alderantziz. Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorra 2017-2030 Hasierako Zirriborroa oinarri hartuta, hiritarrei irekitako parte-hartze prozesua iragarri denez, nabaria da plangintza bera eztabaidagai dagoela. Beraz, bidezkoa da, eztabaida horren gai-ardatza bilakatu den errefusaren tratamendurako azpiegituraren tramitea gelditzea. Gainerakoan, guztiz hutsala eta itxurakeria bat besterik ez litzateke orain irekitzen den parte-hartze prozesua.

Gertu daukagu Nafarroa. PIGRN 2015-2025 planaren lehen zirriborroa oinarri hartuta, parte-hartze prozesua burutzen ari dira orain. Guztira hiru hilabetez luzatuko den prozesu honetan, joan-etorriko bilera erronda bat gauzatzen ari dira hiri hondakinekin zer ikusia eta interesa daukaten erakunde eta hiritar guztiei irekia dena. Eztabaida horri ez zaio mugapenik jarri, zirriborroan jasotzen diren atal eta gai guztietaz hitz egitea irekia da: gobernantza, helburuak, bilketa sistemak, fiskalitatea, azpiegiturak, eta abar.  Hau da, GHHKPO 2017-2030eko 1.5 atalean bere egiten duen Gardentasunaren eta Parte-hartzearen printzipioa aplikatzea egia bihur dadin, guzti honetaz hitz egiteko aukera irekia eskaini beharko luke orain irekiko den parte-hartze prozesuak, baina oraintxe bertan ez du eskaintzen.

 

 

 

Horregatik guztiagatik, hondakinen kudeaketaren plangintza nagusi justu, burutsu eta iraunkor batek bete beharreko gutxieneko arau horiek Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri duen planak hasieratik betetzen ez dituelako

 

ESKATZEN DIZUT

 

BAT.  Balio gabetu ezazu “Gipuzkoako 2017-2030 Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorraren Ingurumen Ebaluaketa estrategikoaren hasierako agiriak” osorik eta baliogabetzat deklaratu itzazu bere baitan daramatzan lau dokumentuak: “Hasierako Zirriborroa”, “Hasierako Dokumentu Estrategikoa”, “Formularioa V. Eranskina” eta “I. Eranskina. Prognosiaren gaurkotzea”.

 

BI. Hasieratik abiarazi ezazu berriro Gipuzkoako 2017-2030 Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorraren Ingurumen Ebaluaketa.

 

HIRU. Plan orokor horretan parte hartzera deitu itzazu hondakinen kudeaketan interesa duten parte interesatu guztiak: erakundeak, enpresak, elkarteak, taldeak eta herritarrak (Ni barne). Parte hartze garden eta demokratiko batekin zehaztu dezatela Gipuzkoako hondakinak nola kudeatu era garbi, osasuntsu, justu, merke eta iraunkorrenean.

 

LAU. Geldi arazi itzazu Zubietako errauste planta abiarazteko prozesua eta lanak, Gipuzkoako 2017-2030 Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokor on bat egin ahal izan dadin.

 

Hernanin, 2016ko ekainaren 15ean

 

Sinatzen dut,

Visitas: 119

Iruzkina gehitu

Iruzkinak gehitzeko, Hernanin Zero Zabor(r)en partaide izan behar duzu.

Participar en Hernanin Zero Zabor

© 2017   Creado por HZZ.   Tecnología de

Ikurrak  |  Arazo baten berri eman  |  Términos de servicio